Kanarioen familiako (Fringillidae Passeriformeak) txori txiki bati esaten zaio Zumaian eta inguruan “txarraskala” (Serinus serinus). Hainbat izen eman zaizkio euskaraz, baina bi talde nagusitan banatu ditzakegu; batetik, kantuarengatik jarritakoak daude: txarraskala, txirribirri, txirriskala, txirriskilo, txirriskila, txirriskla, txirristila, txurruskillo, ziringarro, zirrizkila, zirrizkla…. Bestetik, elikadura ohiturengatik jarritakoak: arbitxori, arbiazitxori, nabazitxori... Julian Aldaz ornitologo zumaiarrak bere 1918ko katalogoan “txoriberde” izena ere jaso zuen; gaztelaniaz “verdecillo” esaten zaio, hain zuzen.
Asier Sarasuak txoriak.eus webgunean azaltzen duenez, arrek papar hori nabarmena daukate, batez ere udaberrian. Moko labur eta zabala dute, hazijale den txori batentzat egokia; haziez gain, intsektuak eta fruituak ere jaten ditu tarteka. Zuhaizti txikiak eta landak dauden inguruneetan ikusi daiteke bereziki, eta baserri eta landa-eremuetan ere bai. Kantu alai xirrixtalaria dauka, txorrotxio arin sarkorra.
Zumaiako Natur Taldeak Baleike aldizkariaren 6. zenbakian hauxe idatzi zuen Artadiko landarediaz eta faunaz ari zela:
- Artadiko hegazti aipagarrienak honako hauek dira: Kukua (Cuculus canorus), Txarraskala (Serinus serinus), Kaskabeltz haundia (Parus majur), Txepetxa (Troglodites troglodites), Txantxangorria (Erithacus Rubecula) eta Tuntun arrunta (Punella modularis).
Imanol Azkueren Zumaia, izena eta izana liburuan irakurri dugunez, badira Zumaian kopla polit batzuk, norbaitek Gillermo Aizpurua Txoritxiki txistulariari jarriak, hark jotzen zituen pasakalle amaigabe haietako batean abestekoak:
"Erramuna, Erramuna / Txoritxikin andria da
Txoritxiki, Txoritxiki / Erramunan gizona da
Dukesita, Dukesita / Txoritxikin katua da
Dukesito, Dukesito / Txoritxikin txakurra da
Txarraskala, Txarraskala / Txoritxikin txoria da
Txoritxiki, Txoritxiki / Erramunan gizona da”