Lore gorrixkak dituen hirusta mota bati (Trifolium incarnatum) esaten zaio Zumaian eta beste herri askotan "paotxa" (osorik idatzi behar denean "pagotxa"); bazka moduan oso estimatua da, biltzeko beste batzuk baino errazagoa delako eta abereei izugarri gustatzen zaielako. Orotariko Euskal Hiztegian ikusi dugunez, frantseseko "farouch(e)" izenondotik datorren hitza da eta antzeko aldaera asko ditu euskaraz: pagotxa, pagoxa, paotxa, paoxa, pabotxa, pabotx, pagatxa, paatxa, parotxa, paruxa, parux, paluxa, pauxa, baboxa, baoxa, faoxa, faluxa, falutxa, faruxa, fauxa…
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu zigun astoarekin eramaten zutela ganajatekoa baserrira, eta gehienetan hauek: "Belga-belarra, allubria, paotxa ta alpapa". Zestoarren erretolika liburuan jasota dago eta Txiliku idazle zarauztarraren Antigoaleko hiztegian ere bai. Bergaran eta Eibarren "pagatx(a)" ere erabiltzen da, eta adibide batean aipatzen da belar horren haziak asko saltzen zirela azoketan. Ahotsak.eus webguneko pasarteetan ikusten dugu herri askotan erabiltzen zutela etxeko animaliak bazkatzeko eta baserritarrek maite zutela.
Jakoba Errekondok Argia aldizkariko artikulu honetan azaldu zuenez, ganaduari emateko bazka onenetako bat da, lantzeko eta segarekin biltzeko beste belar batzuk baino samurragoa. Ateratzen zaion probetxuagatik eta aukera ederra delako hartuko zuen bigarren esanahi hori, alegia, "mauka" edo "txolloa". Erraz edo merke lortzen dugun gauza on horri ere esaten baitiogu "pa(g)otxa". Hemen hiru adibide:
- Baina eguterak beti izan ohi du bere laiotza, eta denak ezin izan pagotxa. (Baleike 154. zk.)
- Batzuek uste dute lana pagotxa dela, askok lan egin beharrean parrandan aritzen dela uste dutelako. (Baleike 294 zk.)
- Herritarrek aukera izango dute pagotxak aurkitzeko saltoki horietan. (zumaiaguka.eus)