Zumaiako hitz bereziak: eulimando

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko maiatzaren 29a

Eltxo, euli eta eulimando gehiago ibiltzen dira beroarekin. (Biquipedia)

Eguraldi oso beroa izan dugu azken egunotan eta sasoi honetako ohiko bisitari bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Burrunda handia egiten duten eulitzar batzuei esaten zaie Zumaian eta beste herri batzuetan "eulimandoak" (ahoz "eulimanduak"). Maria Antonia Goikoetxeak proposatu digu hitz hau, etxeko balkoian beltz handi bat ikusi eta gero. Brigida Ibarbiak, berriz, esan digu berde distiratsu handi horiek ere eulimandoak direla. Labayru Hiztegiaren arabera, sinonimoak dira eulitzar, euli handi, euli beltz eta eulinagusi.

Bergarako hiztegian dio "moscardon" dela gaztelaniaz eta adibide hau ematen du: "Egualdi beruakin ganauak eulimandoz betetzen die". Eibarko hiztegikoa da beste hau: "Eulimando zatar haundi bat dabil sukaldian". Hiztegi horretan bertan azalpen polita dator atzeko "mando" osagai horri buruz, "kankailu" edo "handi" esateko erabiltzen dela dio; antzeko adibideak dira "erlamando" (abejorro), eta "usamando" (paloma torcaz). 

Zestoarren erretolika liburuak dio "euli-mandoa" eulia baino handiagoa den intsektu mota bat dela, eta lekuko baten esana da "euli-mandua ta mandoeuliya dana bat da". Hala ere, "mando euli" hitzaren definizioa bestelakoa da: Gorputz zapal eta arrea du, 0.8 cm ingurukoa da eta zaldi eta ganaduaren gainean bizi da eta gizakiari ere eraso egiten dio; hegoak baditu, baina hegaldi motxekoa da.

Txiliku idazle zarauztarrak ere Antigoaleko hiztegian ganaduari bereziki eraso egiten dion intsektu hori aipatzen du, beste espezie batekoa. Labayru Hiztegian ere aparteko definizio batean jasota dago, "mandeulia" Hippobosca equina da eta "eulimandoa" Lucilia sp.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide