Zumaiako hitz bereziak: APASTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2026ko ekainaren 12a

Sardinekin apasta nola egin azaltzen dute sarean. (Ramon Montenegro)

Udaren atarian, itsasoarekin eta arrantzarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arrainak erakartzeko uretara botatzen den masa moduko bati esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan “apasta”. Ahotsak.eus gunean ikusten da Pasaian, Zarautzen eta Getarian ere erabiltzen dela. Bizkai aldean “mazi” edo “masi” erabiltzen da, eta gaztelaniaz “macizo” eta “engodo” esaten zaio.

Jexux Gorostolak eta Akelino Osak bideo batean kontatu ziguten antxoa buruak eta puxkak (despeskan geratutakoak) erabiltzen zituztela apasta egin eta gero txitxarrotara joateko. Apasta arraina hondotik gora ekartzeko erabiltzen dela zehaztu ziguten beste bideo batean.  

Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko Hiztegian azaltzen du formula bat baino gehiago erabiltzen zirela apasta egiteko: beste arrain batzuen erraiak eta arrabak, masa sendotzeko irina, hondarra, salmuerako gatza… “Apasta botatzea” beste norbait engainatzeko bidea prestatzea ere izan daiteke.

Apasta egiteko (arraina txikitzeko) makina bat ikusten da Getariako lekuko baten bideoan. Hondarribian ere ezaguna da makina hori, eta “errota” deitu izan zaio.

Ondarroan “mazi/mazixe” esaten zaio apastari. Ondarru berbetan gunean ikusitakoaren arabera, bakailao urdail eta hesteak birrinduta egiten zen pasta, garai batean, batez ere sardinatan, arraina erakartzeko erabili izan zutena. Horrelakoa arrantzaleek mazi hoberentzat jotzen zuten; baina, baziren kalitate apalagokoak ere, antxoa eta txitxarro hondakinez eginak.

Bermeon eta Mundakan ere “mazidxe” edo “masidxe” esaten zaio. Bermiotarra gunean irakurri dugunez, “mazi” hitza arrantzale giroan erabiltzen da; arraina erakartzeko itsasora botatzen den karnata baita. Hala ere, zikinkeria eta beste esanahi batzuk adierazteko ere erabili izan da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide