Egunero jaikitzeko moduan egoteari esaten zaio Zumaian eta beste herri batzuetan “ohea libratzea” (ahoz “ohia libratzia”). “Zer moduz” galderari erantzuteko balio duen konplimendu moduko bat, bereziki adineko jendeak erabili izan duena, osasun aldetik “hainbestean” daudela esateko. Brigida Ibarbia oikiarrak eman digu adibide bat, “ohia libratzen deu-ta…” erantzuten dio zer moduz dagoen galdetzen dionari; gutxienez ohetik jaikitzeko gauza badela adierazi nahi izaten du horrela.
Duela ia urtebete hil zen Joxe Azurmendi idazle eta filosofo zegamarra, eta “Diosalak eta kunplimentuak Zegaman” lana argitaratu zuen 2003an Ostiela aldizkarian. Adibide pare bat eman zizkigun bertan:
- Era askotakoak daude erantzunak: Ondo, eta zu?; Ondo, Jainkoari eskerrak, eta zu?; "Ondo esan beharko, bestela parre egiten due-ta". Oso politak zaharren erantzun batzuk dira: “(Ondo esan beharko), ohiak behintzat libratu ditugu-ta”.
- "Zer esango dizut (degu), ondo (esan beharko), ohiak behintzat gaur ere libratu ditugu-ta".
Ea udan eta luzaro oheak libratzen jarraitzeko aukera daukagun.