Eskuz erabiltzen den makila zuzen eta luzeari esaten zaio Zumaian eta inguruko herri batzuetan “hagaia” (ahoz “hagaya”). Orotariko Euskal Hiztegian agertzen denez, “haga” hitzaren aldaera bat da, gehienbat Urolaldean eta Beterrin erabili izan dena. Gauza askotarako erabili izan da “hagaia”: sagarrak botatzeko, armiarma sareak kentzeko, ontzietan belari eusteko (Debako adibide bat hemen), gurdian kargari eusteko (Getariako adibide bat hemen), etab. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago, eta adibide hau agertzen da: Koltxoia garai batian ardi illez beteta eote zan ta takian-takian ardi ille hori euzkita atea eta hagayakin jotzen zan. Zestoan “eskuagai” ere jasota dago agiri honetan, palankari deitzeko.
Sanbartolomeak igaro berri dira Oikian, eta garai batean ere gazteak baserriz baserri oilaskoak biltzen ibiltzen zirela kontatu zuen Brigida Ibarbiak ahotsak.eus-eko bideo honetan:
- Bi mutil, hagai luze bat bien artian hartu ta oilaskuak hanketatik lotuta txintxilika.
Artadi eta Oikia aldean anguletan txanalekin ibiltzen zirenek ere erabiltzen zituzten hagaiak, aingura moduan, hondoan sartu eta ez mugitzeko. Hauxe Aginagako errioko jardueren hiztegian agertzen den definizioa: zurezko atal zuzena, luzea, eta lodin eskumuturra hainbestekoa, eskuz erabil daitekeena: agaya iru metro luzekuauna da; lorin, eskumuturra añekua; muturra –zorroztua– lokatzetan sartzeko ta ala lotzeko, noara jute zanian. Hala ere, beste erabilera bat ere bazuen hagaiak, gondoletan bezala hondoari eragin eta ala (txanela) eramateko; “hagaika” edo “hagan” (hondoka) egitea esaten zaio horri: Mariabera zitxon, da agaika pasa nok aldiarta. (…) Ur mian ezin in izete’a polañian iñ, da urdun agan in bie’zu.