Zumaiako hitz bereziak: amandre

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Amama eta biloba Eibarko baserri baten atarian. (Indalecio Ojanguren, GureĀ  Gipuzkoa)

Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren epea amaitzen ari den honetan, hark idatzitako Amandriaren altzoan liburua gogoan, esanahi bat baino gehiago duen hitz berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko lasai idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Amonari (amamari) edota amabitxiari (ama pontekoari) deitzeko erabiltzen dugu  Zumaian eta beste herri batzuetan "amandrea" (ahoz "amandria"). Orotariko Euskal Hiztegian bertan agertzen da nola adiera bat baino gehiago duen izenak: amona, amabitxia, ama eta amabirjina ere izan daiteke herri batean edo bestean. Eibarren eta Bergaran amamari esaten diote "amandra" edo "amandre", eta Euskaltzaindiaren Atlaseko mapa honetan ikusten da Getarian ere jaso zutela lekukotza bat.

Zumaiako adibideetara etorrita, Maria Antonia Goikoetxeak ama pontekoari deitzeko erabili izan du "amandria", eta Arritxu Santamariak ere etxean hala ikasi zuela kontatu digu. Hain zuzen, Arritxuren amak (Trini Bidasorok) horrela azaldu zion Abelin Linazisorori Baleike aldizkariaren 125. zenbakian egindako elkarrizketan:

  • Nik 10 urte nitula alargundu huan eta senideak, Joakin eta Jexux, aitta jaunak eta amandriak Eibarra eta Zaldibarra eaman ziaten. Karmelo eta ni geatu gittuan aittakin.

Mertxe Lisbonak, berriz, amamari deitzeko erabili izan du "amandria", eta berdin Arritxu Bidasorok. Hain zuzen, Arritxuren aita Donatori elkarrizketa egin zion Abelin Linazisorok Baleike aldizkariaren 127. zenbakirako, eta amama zein zuen kontatu zuen:

  • Gero Justanera juten ginan. Hango andria amandria gendun, Juana Beltzenekoa. Hamar-hamabi urtekin San Telmo egunian kanpaia jotzera juten ginan hara. Gero, amandriak galleta pare bana ematen zigun eta gu gustura.

Beste adibide batzuk ere ikusi ditugu Abelinek Alizia Perezi 2008an egin zion elkarrizketan, eta amamaz ari zela ematen du:

  • Hamen itxian osaba Pedro, amandria eta izeko Erramuna bizi zian. (…) Baina gure amamak pasatzen zittun bildurrak! Egun batian gure Bitorrek eta Luisek ein dixue zanja haundi bat eta: "Amandria", Luisek, "tu tienes que meterte ahí". Eta Bitorrek: "Amandria, zulo hori zu ixkutatzeko da". Eta bai sartu ere!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide