Maindire edo izarari esaten diogu Zumaian “izarea” (ahoz “izaria”). Orotariko Euskal Hiztegian aldaera bat baino aipatzen dituzte (izare, izera, ixara, ixera, isara, isera..) eta gure eskualdean jasotako adiera berezi bat ere badago: "Izarea edo buruko zapia, toca" (sabanilla de la cabeza). Mapa honetan ikusten da Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean esaten direla gehienbat “izara” eta antzekoak. Bergaran “izara” eta “izaria” (artikuluduna denean) erabiltzen dira, eta Eibar inguruan ere berdin, ahotsak.eus gunean ikusten denez.
Brigida Ibarbiak azaldu digu orokorrean denak direla “izareak”, eta beheko aldean jartzen dena “azpizarea” (ahoz “azpizaria”) dela; gaztelaniaz “bajera” esaten zaio. Maria Antonia Goikoetxeak, berriz, horri “azpiko izaria” deitzen dio. Mertxe Lisbonak esan digu “izariak” esaten dutela etxean, eta haren ahizpa Marijeren publizitatean ere halaxe jartzen zuen Baleike aldizkari zaharretan: “Bordatuak, toallak eta izareak”.
Baleike aldizkariaren 129. zenbakiko testu batean topatu dugu beste adibide hau:
- –Zea, Gomezagon eskia; izaria besteik eztiau bihar. Gañia kantuan gu bezela gutxik iteye! –Antoniok.
- –Neuk ekarriko diat izara txuriya –Joxe Marik.
Getariarren erabilera oso bitxia da. Andres Alberdik Artzape aldizkariaren 236. zenbakian azaldu zuen getariarrek “azpizera” esaten diotela bai goiko eta bai azpiko maindireari. Euskararen Herri Hizkeren Atlaserako egindako bilketan, hala ere, “mandira” eta “azpizare” jaso zituzten.