Taldeetan sortutako buila edo iskanbilari esaten diogu Zumaian eta inguruan “drixka”. Orotariko Euskal Hiztegian ikusi dugu “driska” ere erabiltzen dela, eta gaztelaniaz “trisca” ere esaten dela. Alex Olidenek kontatu digu amari ikasia diola hitza, Kantera baserriko Trini Antiari. Brigida Ibarbia oikiarrak ere ezaguna du hitza, “sesio” moduko bat izan daitekeela esan digu.
Inguruko herrietan ere topatu ditugu adibideak. Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko Hiztegian horrela definitua du:
- Zarata, jolasak eta ekintzak duen berezko iskanbila edo burrunba. Driska edo triska deitzen zaio zerbait energia askorekin egitean sortzen den zarata, burrunba edo iskanbilari, batik bat, umeek jolasean sortzen dutenei. Driskan ibiltzea da era zaratatsuan ibiltzea, pozez edo jolasean.
Zestoarren erretolika liburuan bigarren adiera bat ere jaso dute, horrez gain: dantzan egitea.
- Drixka earrian ibilli. Jolgorio ederra ibili; pozezko zarata, iskanbila, mugimendua, etab. Umiak drixka earrian badabiltza kalian.