Pertsona txiki edo eskasari esaten diogu Zumaian eta inguruan "erraldes". Inaxio Manterolak proposatu digu, eta adibide modura azaldu digu den baino indartsuagoaren itxura erakutsi nahi duenari esaten zaiola; esaterako, hotz ari duenean arropa besomotzekin nabarmendu nahi duenari. Ezizenetan eta antzekoetan ohikoa da izen arruntari amaieran -s hori jartzea.
Anjel Lertxundik Berria-ko zutabe batean azaldu zuen zer zen "erralde" eta nola erabiltzen duten lagunartean:
- Ganadua pisatu eta saltzeko erabiltzen den neurri bat da erraldea. Hamar libra, gure zaharrentzat. Bost kilo, gure gaurko ohituran. Hainbeste erralde, hainbeste diru, hala egiten zuten tratua. Neurria galdu da, baina hitza ez. Gurean, behintzat, bizirik dago, lagunarteko hizkeran erraldes deitzen diogu-eta ironikoki pisu edo gutxikoari, eta, hedaduraz, baita pertsona eskasari ere: hara, gure Erraldes!
Eibarko Hiztegian, berriz, amaierako -s hori gabe erabiltzen dela zehazten dute:
- Ironiaz, persona doillor eta ezereza dana; indarrik ez dakanari indartsu, pixurik ez dakanari sendo, txikixa danari haundi esateko balio leike. Erralde galanta aintzen daukagun nausixa!