Teilatuen azpiko txoko edo zuloari esaten diogu Zumaian eta inguruan "sakapea" (ahoz "sakapia"). Orotariko Euskal Hiztegian jasota dago eta hiztegi horretan bertan eta Labayru Hiztegian agertzen da teilatu-hegalaren sinonimo dela "saka" (sakaren azpikoa da "sakape", beraz). Begiratu dugu EHHA atlasean eta hemen inguruan beste izen batzuk bildu zituzten teilatu-hegalari deitzeko: kapirio, bolau...
Kantera baserriko Trini Antiak kontatu digu ganbarako txokoa dela sakapea, teilatuak behera egiten duen lekua, eta batez ere gauzak gordetzeko erabiltzen zutela. Brigida Ibarbia oikiarrak, berriz, azaldu digu garai batean tabakoa lehortzen edukitzen zutela ganbaran; sakapea ona zela horretarako, paretaren eta teilatuaren tarteko zulotik haizea sartzen zelako.
Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago hitza, eta adibidean zuloa aipatzen da: Kapirioen gaineko oholen eta etxearen hormaren arteko bitartea. Sakape zuloa uxuak etortze zian.
Eibarren eta Bergara inguruan ere jasota dago hitz hau, batez ere ganbarako “zulo” edo “gordeleku” esanahiarekin. Ahotsak.eus gunean agertzen diren adibideak ere inguru horretakoak dira gehienbat.
- Gerria heldu zanian makiñatxo batek gorde jittunen diru guztiak sakapian, han zigurrago egongo ziralakuan!
- Sakapian gordeta zeukan eskupetia.
Berbategia.eus biltegian ere agertzen dira beste adibide batzuk, gehienak Bizkai aldekoak, eta tartean Azkoitiko hau ere bai: Sakape, sakapie. Teilatua eta paretaren arteko zuloa. Sakapien dirue gordeta eukitze zun gure amamak.