Potolo edo gizenari esaten diogu Zumaian eta inguruko herri batzuetan "pototoa" (ahoz "pototua"). Orotariko Euskal Hiztegian ikusi dugu Bergara aldean jasoak dituztela adibide batzuk, eta Oñatiko hiztegian ere agertzen da. Bietan “potota” ere aipatzen da, emakumeekin edo neskekin erabil daitekeen aldaera, Zumaian bezalaxe. Ezizen edo gaitzizen modura ere asko erabili izan da han eta hemen, eta Zumaian bertan, adibidez, Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian egindako elkarrizketa batzuetan aipatzen da Axuntxion Tuntuxa maistraren senarra Mariano Altxerri Pototo zela.
Abelinek berak 2008an Alizia Perezi egindako elkarrizketan topatu ditugu adibide hauek:
-
Potota horrek ezin al dixo gizon horrei fu! eginda bialdu!
-
Gure Aurora potota-potota zan, eta gure León txikixa.
-
Neska potota bat bazan, mando-mandoka gainian zanian, ez zeon hura moituko zunik!
Ez da pertsonekin bakarrik erabiltzen, ordea. Aurreko batean entzundako elkarrizketa baten zatia da hau, azterketak prestatzen ari zen ezagun bati buruz ari zirela:
-
Liburu pototo hoien aurrean jarri baino nahio...
Goiko irudiari dagokionez, Anastasio Arrinda idazle lekeitiarra erretore ibili zen Deban, eta 1965ean hasi eta 1971ra bitartean OTO ETA POTOTO pertsonaien istorio barregarriak atalka argitaratu zituen Zeruko Argia aldizkarian. Argiaren hemerotekan bertan ikusi dugu 1928rako Mutrikuko kronistaren laguntzailetako bat ere bazela Pototo.