Bragetari esaten diogu Zumaian eta beste herri batzuetan "portatxuloa" (ahoz "portatxulua"). Maria Antonia Goikoetxeak esan zigun kalean entzun zuela mutil koskor bat besteari esaten: "Aizak, brageta irikita dakak!"; beraiek etxean "portatxulua" esaten zutela behintzat eta… Brigida Ibarbiak eta Mertxe Lisbonak ere ezaguna dute hitza, eta Mertxek azaldu digu askotan tokatu zaiola inguruko gizon batzuei esatea, lotu gabe zeukatelako: Portatxulo hori!
Euskarazko hiztegietan adibiderik ez dugu topatu ia, baina Orotariko Euskal Hiztegian jasota dago Oiartzunen "portasolu" erabili izan dela. Hain zuzen, Manuel Lekuona apaiz oiartzuarrak adibide hau eman zuen 1972ko Euskera aldizkarian:
- Erderazko vagabundoren bidean mundo gurutzatu zanean, vagabundo askorentzat vagamundo biurtu zan. Berdin, baita, erderazko portezuelaren bidean, euskerazko "txuloa" gurutzatu zanean, portezuela "portatxulo" biurtu zan.
Hau da, hizkuntzen arteko interferentzia moduko baten adibidea izan daiteke, Gainera, aintzat hartu behar da gaztelaniaz hitz batzuk badaudela antzeko esanahia edo "soinua" dutenak: portachuelo (bi mendiren arteko zuloa), portichuelo (mendi-adarretako portua), portañuela (brageta estaltzeko oihal zatia) eta portezuela (ibilgailuetako ate txikia, ataka edo galtza batzuen aurreko estalkia).