Eguzkiak ondo jotzen duen lekuari esaten diogu Zumaian eta beste herri askotan “egutera” (ahoz “eutera” ere bai). Euskaltzaindiaren EHHA atlasean ikusi dugu batez ere Gipuzkoan erabili izan dela, eta badaudela antzeko beste hitz batzuk: ibargi, eguzk(ib)era, eguzkileku, ekialde, ekhibegi…
Etxe barruko gelak deskribatzeko eta izendatzeko ere balio du, eta horren adibide da San Jose komentukoa. Arropak eguteran (gaztelaniaz “solana” deitutakoan) zabaltzen eta lehortzen zituzten mojek, hirugarren solairuan, eta Udalaren proiektuari jarraituta taldeei zuzendutako areto handiak egin dira han.
Eguzki plaken bidez energia eskuratzea bultzatu nahi du, besteak beste, EGUTERA kooperatibak, eta gaiarekin lotutako izena hartu zuen. Bitxikeria gisa, arrantzan oso ondo moldatzen den itsasontzi batek ere EGUTERA izena du.
Kanpoaldeko leku eguzkitsuei egindako erreferentzia batzuk ikusi ditugu Baleike aldizkari batzuetan:
- Baina eguterak beti izan ohi du bere laiotza, eta denak ezin izan pagotxa. (154. zk.)
- Ontziolaren hegoaldeko eguteran, estalpe handi bat zegoen, eta haren azpian babesten ziren erriberako arotzak euria egiten zuenean. (153. zk.)
- Lurzoru karetsuetan hazten da, eguteran bereziki, hosto iraunkorrak eta gogorrak ditu, eta fruituak beltzak dira heldutakoan. (175. zk.)
Juan Bautista Gesalaga Zaldubi bertsolari zarauztarrak txakolinari buruz egindako bertso batean ere agertzen da beste adibide bat:
Txakolin onak izan biar du
kanpo eguteran aziya,
lendabiziko orretarako
Jaungoikuaren graziya;
leku aidoso, albait sekua;
berua nai dan guziya,
egiten ondo tratatu eta
ontzi onetan biziya,
erari ori probatutzeko
zeñek eztu kutiziya?