Zumaiako hitz bereziak: bonbatxoak

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan

Arrantzale zaharrek ere erabiltzen zituzten bonbatxoak. (Hondarribiko Udala)

Lanbide batzuekin lotutako hitz berezi bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko lasai idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Mahoizko galtza lasai batzuk dira “bonbatxoak” (ahoz “bonbatxuak”), lan batzuetan beste galtzak ez zikintzeko gainetik janzten direnak. Orotariko Euskal Hiztegian jasota dago, eta Zestoa, Bergara, Elgoibar, Arratia eta Artazuko zerrendetan ere bai. Wikipedian ikusi dugu bestelako galtza zabal batzuei ere esaten zaiela “bonbatxo”, eta RAE hiztegian egiaztatu dugunaren arabera, gaztelaniaz ere “bombacho” erabiltzen da batez ere XVI. mendetik aurrera militarrek zerabiltzaten galtza zabal batzuei deitzeko (belaunen azpian estutu eta lotzen zirenak).

Brigida Ibarbiak kontatu digu Oikian baserrian ere erabiltzen zituztela gizonezkoek, etxean morroi ibiltzen zenak, esaterako. Brigidaren aitaginarreba (Jeronimo Azkue) eta senarra (Estanis Azkue) igeltseroak izan ziren, eta beti izaten zituzten bonbatxoak eskura, lanean lasaiago aritzeko. Mahonezko galtzak izaten ziren jeneralean, gerrian zinta edo goma bat izaten zuten, barrenak zabalak eta alboetan irekigune batzuk, azpiko galtzetara erraz iristeko. Arotzek, pintoreek eta beste langile askok ere erabiltzen zituzten lanerako bonbatxoak (edo buzoak, bestela).

Hara kanpoko adibide batzuk:

  • Bonbatxo urdin zar batzuk danen gañetik jantzi eta aiekin tapatzen nituan azpiko kontrabandoak. (Sebastian Salaberria,  Neronek tirako nizkin liburuan)
  • Donostiar etxeonekoak zituzten bezero, kolore anitzeko antifrankistak, eta tartean asteko bonbatxo eta buzoak utzita igandetan traje eta korbata jazten genituenak. (Joxemari Ostolaza, Argia aldizkarian)
  • Ikusten dituk hor langileak, lerrokatuak lauka, beren palto edo bonbatxo urdinekin, kantuz ari lana hasi aitzin (Lucien Etxezaharreta, Inter porcos liburuan)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide