Pieza handiak lotzeko erabiltzen den iltze luze eta sendoari esaten diogu Zumaian eta beste herri batzuetan “entenga” edo “etenga”. Orotariko Euskal Hiztegian jasota dagoela ikusi dugu eta gaztelaniazko RAE hiztegian ere bai. Zestoarren erretolika liburuan jartzen du iltze luze eta handia dela, hamalauren bat zentimetro edo dituena. Txiliku idazle zarauztarrak ere jasoa du Antigoaleko Hiztegian, eta bigarren esanahi bat eransten du: biharamuneko aje handia, ohiko “iltzea” baino handiagoa.
Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu behin astilleroan lan egiten zuen gizon batek pare bat eraman zizkiola, eta “etenka” deitzen ziela hark. Iltze handi-handiak ziren, ontziak egiteko onak, eta “hoiekin puntua in leike!” pentsatu omen zuen. Etxean ez omen zioten puntua egiteko orratzik erosten, eta Maria Antoniak gogoan du Galdona burdindegi zaharrean eskatu zituela “etenka” batzuk, probatzeko. Juan Zubiak, berriz, “etenga” deitzen dio iltze klase horri, baina ezagunak egiten zaizkio bestelako formak ere: “hi, etenkazo bat emangoiat!” eta antzekoak erabiliak dituzte inguruan. Brigida Ibarbia oikiarrak ere ezaguna du “entenga” hitza; iltze handia, mutur zorrotz eta txapel zabalekoa, batez ere etxeko egitura gogortzeko erabiltzen omen ziren: habeak, teilatua, solibak…
Zumaiatik kanpo ere adibide politak topatu ditugu Berbategia webgunean:
- Legazpi: Entengak iltze aundi batzuk. Ba teillatuko egurre josten da ola.
- Leitza: Entenga hitza erdaratik hartua du euskarak. Iltze luze hauetakoak dituzu, konparaziora, apustu egurrak josteko erabiltzen direnak.
- Antzuola: Entengia kapirixuak eta josteko, burua eukitzen dau sabalkotia, ta mutur mee meiakin, gero pitin bat gisendu itten da.