Sagarra neurtzeko erabiltzen zen saski handiari esaten zaio Zumaian eta inguruan "neurri-otarra". Zestoarren erretolika liburuan neurria zehatz jasota dago: hiru kopa-otarre edo berrogeita bi-berrogeita lauren bat sagar hartzen dituena. Aizarnan ere egiten zituzten garai batean, hala kontatu zuen Julian Lizaso otargileak Danbolin aldizkarian 2004ko abenduan:
- Arrantzaleentzat ere egiten nituen asko, milotarrak izenekoak, antxoarentzat, luzezkak; atunarentzat, berriz, izugarri handiak. Baserrikoak ere bai, kizkiotarrak, adibidez, sagarrak biltzeko, eta neurri otarrak sagarra pixatzeko, bonbilla bezalakoak. Eta bestela, kapelotarra normalak, patatarentzat, perretxikoetarako eta abar.
Brigida Ibarbia oikiarrak ere forma horri buruzkoak azaldu dizkigu: behean zabalagoak izaten zirela neurri-otarrak, borobilak, eta gora estuagoak. Sagarra otar horiekin neurtzen zen, eta zakuak horren arabera bete, gero saltzera eramateko.