Noiz da hurrengo txaluparen bedeinkaziyua?

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2019ko abu. 22a, 14:02

Gaztea naizela ez det esango, zaharra ere ez, aspaldikoa? Txalupak bedeinkatzen ziren garaikoa naiz. Egurrezko azken trainerua eta karbonozko lehendabizikoa aurkeztuko dizkizuet jarraian.

Traineru berri bat estrenatzen zenean, apaizak bedeinkaziyua ematen zion uretaratu aurretik. Zumaian eta inguruko herrietan, behintzat, bai. Joxe Etxeberria, Donjoxe apaiza, arduratzen zen lan horietaz Zumaian.

Aldameneko argazkietako traineru bakoitzak istorio berezi bat dauka.

Arbustaingo arranplan dagoen trainerua berak bedeinkatu zuen, argazkian ikus daitekeenez. Pasai San Pedroko Fontan ontziolan eginiko trainerua, eta arraun elkarteak erositako azkenengo egurrezko txalupa hau izan zen.

1992an bi bandera ekarri zituen txalupa honek, eta Kontxan arraunean ikusi genuen onenen artean.
Jubilatu zenean, Galiziako Vila de Cangasera saldu zuen arraun elkarteak.

Itsas kiroldegi aldameneko argazkia 1996koa da. Orioko Amilibia ontziolakoa, karbonozko lehenengo trainerua Zumaian, Paternina babesle berria, aro berri baten hasiera...

-Hi, Donjoxe ez dek oraindik etorri!!

-Entrenamentua hasi beharko diagu, ba?

-Nik bedeinkatuko diat ba trainerua, nahi ba dezute noski. (Karlos Aperribai)

Karlos Aperibai arraun elkarteko arotza zen, zumaiarra, arraunzalea, fededuna, beti lanerako prest zegoena.

Donjori ahaztu egin zitzaion nonbait hitzordua, eta guztiok geunden amorratzen karbonozko traineru batean arraun egiteko.

Orduko arraunlari, entrenatzaile, zuzendaritza, eta babesleen aurrean hauek izan ziren Aperribairen hitzak:

-Jauna, bedeinkatu ezazu itsasontzi hau, eta bertan ibiliko diren arraulariak.

Traineru honen palmaresa besteak beste hau da:

  • Errioxako I. Bandera, 1997. urtean.
  • Ikaragarrizko galerna baten laguntzarekin, Orioko ikurrina, 2000. urtean.

Berrikuntza batzuk egin ondoren, traineru hau oraindik osasuntsu eta arina dago. Neguko entrenamentuetan eta gaztetxoekin ondo moldatzen da.

Hurreo bedeinkaziyua ez dakit noiz izango den, bainan bitartean tapapala eta gortu balantza.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide