Goizeko zortzirak dira hor nonbait, esnatu eta sukaldera joan naizenean tortilla patata prestatzen ikusi det nere aita. Gosaldu eta Konpittoxarrenera joan naiz ogia eta Kas naranja erostera.
Etxera iritsi, hamaiketakoa hartu eta bi osaba zain dauzkagu. Nik lepoko painelu gorriekin apaindu dut errekatorzia, leiho ertzetatik. Donostiara iritsi eta Paseo Berrian aparkatu dugu, goiz iritsi baikara. 9:15ak dira eta jadanik Aquarium gainean gaude gu ere. Hiru ordu falta dira estropada hasteko.
Hamaiketakoa egin eta bertako fauna ikusteko nahiko denbora. Ortzaikakoa sasoi betean dago Kaikun, Moskuko olinpiadetatik etorri berria, baina Joseba Aristik gidatutako Telmo Deunek lanak emango dizkio.
Oikiako Bartoloren autobusa ere iritsi da, Zumaiako arraunlariekin, eta arranplara joan dira. Matximentakuak, Lokatza, Kantoia, Etxabe anaiak...
Tortila bokadiloa jan ondoren osaba Pedrok katalejuak atera ditu, eta itsasora begira hasi gara. Aitona bat gerturatu zaigu, janzkera nabarmenarekin: kamiseta, guardasola, ikurrina eta Kaikuko banderarekin. Jarraian, gure atzean, mahai zabal batean, Kaiku esnea eta batidoak oparitzen hasi dira, aitona hau eta beste sestaotar batzuk. Osaba Pedrok irratia ere piztu du, eta "Los campeones benen Kaiku" iragarkia entzun dugu.
Aspaldiko garaiak dira, itzuliko ez direnak. Gaur egun tostak beste modu batean betetzen dira, Zumaiako trainerurik ez dugu ikusiko, baina gure harrobiko bederatzi arraunlari arituko dira kontxan arraunean. Arranplara orokorrean, arraunzale gutxiago gerturatzen direla dirudi.
Agian tortila berria egiteko garaia iritsi da.