Beduako ikurrina 1993

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2024ko urr. 23a, 11:00

Kultur edo kirol ekitaldi bat sustatzeko modurik egokiena zein den ezin da jakin. Baina, urte hartan Joseba Aristik bete-betean asmatu zuen.

1993ko denboraldian gaude, eta kontuak larri. Otsaila inguruan egin dugu lehendabiziko entrenamendua traineruarekin, taldea osatzeko lanak izan baitira. 

Ekainean Elantxobeko ikurrinarekin eman diogu hasiera denboraldiari eta irailean Santoñan amaitu dugu, nahiko txukun esango dut. Baina, ordurako Aristiren burutazioa martxan dago.

Elkartean dagoen traineru zaharra uretara bota, eta noiz edo noiz arraunean ibilitako gazte mordoa elkartu ditu. Erronka batekin: irailaren amaieran Telmo Deun ekipo titularrari irabaztea. Beduatik irten eta Talaiperaino izango da estropada, eta minutu bateko abantailarekin atera ziren beteranoak (nahiz eta gazteak izan)

Iritsi da eguna eta hor gaude, Joxe Mari Korta poligonoko zubiaren aldamenean. Abiatu da traineru zaharra Angel Mari Aizpurua karrokua patroi duela, eta minutu bat beranduago Telmo Deun titularra. "Trenzubirako harrapatuko dizkiagu", dio batek. Baina, Arranpla ingura iritsi arte, ez dugu ikusi traineru zaharraren ubera.

Azken txanpa, dena eman Talaiperaino, baina Angel Mariren taldea nagusi!

Bertan ziren besteak beste, Gofix, Josu Uranga, Gorka Kaldes, Jokin Urkidi... Ondoren Aita Mari elkartean egindako afarian ez zen falta adarra jotzeko aukerarik. Estropada hartatik irten ziren ondorengo urteetan taldeko bizkarezurra osatuko zuten hainbat kirolari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide