Martinen batela, aranotarren txalupa eta eskola kirola

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2024ko aza. 4a, 15:48

Kirol guztien oinarriak jolasa izan behar duela, horren zalantzarik ez dago. Horretarako beharrezkoak diren baliabideak asko hobetu dira zorionez.

1979ko udan gaude eta nire aitari arraunean egin nahi dudala esan diot. Gure etxean ez dago, ordea, txintxorro edo txalupa txikirik. Amona Xelen bizilaguna da Martin Alberdi, eta bere batela Moilaberri inguruan lotuta dago. Bertan sartu eta sokak askatu gabe, arraunarekin palada batzuk ematen saiatu naiz. Batela, ordea, ez da mugitu ere egin, noski. 

Geroago, aranotarrak ikusi ditut, Luis eta Jexux Mari, bere txalupan ume mordoa hartuta. Sartzeko gonbidapena egin didatenean Txibi txalupara igo naiz. Txandaka, ume guztiak ari gara palada batzuk ematen. Nire txanda ere heldu da, eta bitxia izan da gure indarrarekin txalupa ur-azalean mugitzen sentitzea.

Orduan jakin nuen zer zen palada bat eman ondoren txalupa ur azalean irristatzea. Etxe askotan udako jostailua izaten zen txalupa edo txintxorroa: Lapa, Lapatxo, Txibi, Lamiak...

Gaur egun txintxorro gehienak desagertu egin dira, baina hauen tokia hartu dute txanela moduko txalupa zabal batzuek, kostako herri guztietan, eta Tolosan, esaterako.

Atera diezaiegun zukua!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide