Berriz ere ilunpea etorriko da

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2022ko mar. 22a, 05:02

Ez, ez naiz hasiko azken bi urteotan nagusitu den hizketarako gai bakarraz. Ordu aldaketaren inguruan baizik.

Martxoko eta urriko azken asteburuetan ordu aldaketa izaten da. Martxoan ordu bat gutxiagogo izaten dugu lotarako, eta urrian ordu bat gehiago lo edo parrandarako.

Energia aurrezteko balio omen du. Auskalo zenbat miloi euro aurrezten omen dira ordu aldaketa horiei esker, edo hori ikasi dugu behintzat. XX. mendearen hasieran ikatzaren krisiak eta, geroago, petrolioaren krisialdiak zer ikusia izan dute ordu aldaketa hauen inguruan.

Ez naiz ekonomia edo energia iturrietan aditua, baina ez eta oilarrak, txori txikiak, arrainak ere. Hauek eguzkiaren ordutegiari jarraitzen diote. Gu, berriz, neguko ordutegian ordu bat aurrera gabiltza, eta udako ordutegian bi ordu aurreratzen gara eguzkiarekiko.

Uztailean, iluntzeko 10:15ean eguzkia sartzen denean, 8:15 dira eguzkiaren arabera, eta bizi garen tokian Greenwicheko meridianoari jarraituz, Erresuma Batuko ordutegi bera izan beharko genuke (-1h)

Azalpen hauen ondoren, irakurle horrek, zein ordutegi nahiago zenuke? Negukoa edo udakoa?

Aurrezpen-energetikoak alde batera utzita, zenbaitek iluntzeko argitasuna nahiago dute; beste batzuek, aldiz, goizeko argitasuna gogokoagoa dute. Neguko egun labur eta ilunenak pasa direnean eguna zerbait luzatzen ari da, eta sartu berriak garen hilabete honetan, martxoan, ordua aldatu eta urtaro berrian sartuko gara.

Goizeko zazpiak inguruan, argitasuna izatetik berriz ere ilunpea izango dugu bueltan. Edo arratsaldeko zortzirak arte luzatuko da eguna, goizetik laburtuta, noski. Borrokan hasiko gara oilarrak eta gautxoriak, zein den ordutegi egokiena erabakitzeko.

Azken urteotan albistegi desberdinetan entzuten zen gaia da, neguko edo udako ordutegiarekin jarraitu. Nik benetan eskertzen dut goizeko argitasuna, aisialdirako, lanerako edo balkoian kafesnea hartzeko.

Eta zuk, ze ordutegi nahiago duzu? Udan gaueko 22:00tako argitasuna, edo 21:00ak arte nahikoa da?

Erabaki hau ordea ez dago gure esku. Ikatza edo petrolioak erabakiko al du? Edo Wi-Fiaren tarifak?

Auskalo!!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide