Auzolana? Bai, noski!

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2024ko uzt. 4a, 17:00

(Wikipedia)

Felix Aizpuruak maiatzeko Baleike aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da hau.

Belarretara joateko garaia zenean, baserritarrek esku asko behar zituzten. Ganadu ugari izanda, lan asko egoten zen belarra ebaki eta jasotzen. Eskuak behar ziren, ordea, lanerako. Auzokoen laguntza izaten zuten. 

Baserriko teilatuan edo ukuiluan berrikuntza bat egin behar bazen, aldameneko baserrian igeltsero bat egotea lagungarria izaten zen.  

Urrian, sagar biltzeko garaia izanda, auzolanean jasoko zituzten sagarrak, norberaren edo auzokoaren sagarrondoetatik.  

Dolarea etxe guztietan ez zegoen, eta hau ere auzokoekin elkarbanatu ohi zen sagardoa egiteko.  

Andika, Agerre, Pikote, Santa Klara, Saskarate, San Martin, Endañeta, Xarrondo, Billabier, Iparre, Artadi eta Oikiako baserrietan urte luzeetan lagundu zioten elkarri. Modu honetan jakinduria, tresneria eta eskulana elkarbanatzen zuten. Hau da, auzolanean aritzen ziren. Euskal Herriko baserri guztietan aspalditik datorren jarduera da auzolana.  

Teknologia, gizartearen aldaketak eta beste hainbat arrazoi tarteko, berekoiagoak bilakatu gara; zalantzarik ez dago. Hala ere, auzolanaren arrastoak nabari dira gure gizartean. 

60eko hamarkadaren erdialdean jaiotako Ikastola gehienak ere auzolanari esker sortu ziren. Orduan, debekatuta zegoen euskarazko irakaskuntza, beste gauza asko bezala. Francoren diktadura garaiak ziren. Guraso bakoitzak zekiena edo bere esku zegoena eginaz aurrera atera ziren euskaraz irakasten zuten ikastetxe haiek. 

Herri desberdinetan sortu ziren lantegi txiki, ertain eta handi asko ere kooperatiba moduan eratu ziren, aldizkari hau argitaratzen duen Urolako Komunikazio Taldea barne. 

70eko hamarkadan, auzolanari esker sortu zen Ikastolen aldeko Kilometroak jaia. Hainbat herritako ikastolek jai horretan bildutako diruaren bultzada izan dute, bere sorreran edo berrikuntza nagusietan. 

Auzolanean eraiki ziren kirol taldeen azpiegitura asko ere: futbol zelaiak, frontoiak, arraun elkarteak… 

2013an arraun elkarteak traineru berria erosi zuen, %100 herritarren diru laguntzarekin. 

Aurten auzolanari edo herritarren aldetik egindako diru ekarpenari esker, traineru berria erosiko du Telmo Deun arraun elkarteak, emakumezkoen taldeak erabil dezan. 

Odol emaileen elkartean lanean dabiltzan guztiak ere boluntario gisa, auzolanean dabiltzan taldekoak dira.  

Zumaiako, Getariako eta Zarauzko triatloi taldeek ere auzolanean antolatzen dituzte beren kirol probak. Zarautzen, Zumaia eta Getariako boluntarioak aritzen dira; Getarian Zumaiakoak eta Zarauzkoak; eta Zumaian, Zarauzkoak eta Getariakoak. Getariako triatloian, 150 boluntario; Zarauzkoan, 300; Zumaian, 150; eta Flysch Trail mendi lasterketan, 300. 

Urtean zehar izaten diren festa eta kultur ekitaldi askok ere auzolana dute oinarri: Olagarro Egunak, santelmoek, sanpedroek, Udako Musikala Jaialdiak, Euskal Jaiak, txosnek, Gabon Koruak, Olentzero eta Mari Domingik, Erregeen etorrerak, Kaldereroek...

Eskerrak boluntario guztiei. Horien ekarpenik gabe, ezinezkoa litzateke jarduera hauek behar bezala antolatzea. 

Jarrai dezagun, beraz, auzolanean!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide