Itxasoko kakahueteak eta Txepetxako arkumea

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2025eko uztailaren 22a

Manu medikuak entsalada eta porru patatak afaltzeko esaten zigun, baina bere esana ez genuen beti betetzen.

Arrauneko entrenamendua amaitutakoan, mokadutxo bat jateko aukera eta gogoa izaten da. 90eko hamarkadan ere horrela izaten zen.

Udaberri, uda sasoian itsaso zabalean olatu tartean ibili ondoren, mokadutxo bat hartu eta berriketarako tartea izaten zen. Iluntze aldera batez ere, Itxaso tabernan elkartzen ginen. Pintxo bat, kakahuete batzuk, eta laguntzeko ura eta "lejia". Beti izaten zen zer esana entrenamenduaren inguruan. Xaxkate eta Endañetaren hitzjarioaren inguruan elkartzen ginen, entrenamenduan emandako ziabogen inguruko hausnarketa sakona eginaz; Karlos eta Marianek, bitartean, txunditurik begiratzen zioten mahai gainean utzitako kakahuete azal tontorrari.

Arraun denboraldia amaitutakoan, berriz, arraunzale batek baino gehiagok bere elkartera gonbidatzen gintuen afaltzera. Horietako bat, eta inoiz hutsik egiten ez zuena, Estazioko Andres Eizagirre izaten zen. Burruntzian erretako arkumea edo antxumea prestatzen zigun, Txepetxa elkartean.

Talde honetatik ateratako lagun bat Eusko Label ligako hainbat taldeetan ibili zen ondoren. Kirol mailari dagokionez, dena irabazi zuen, baina urte hauetako lagun giroa behin baino gehiago azpimarratu zuen. 

Gaur egun dietista baten esanak fin-fin betetzen dituzte arraunlari guztiek, arraunzaleok estropadez gozatu dezagun. Saregileek eta Telmo Deunekoek denboraldi amaieran jasoko dute bere saria.

Bitartean tapapala eta goortu balantza!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide