Ez naiz inoiz goi mailako kirolari izan, baina kirolarekin gozatzen ikasi dut. Une batzuk, ordea, ez dira errazak izaten, batez ere urduritasunak jaten zaituenean lehiarako unea iristen denean.
Kirolak gaur egun bi aurpegi ditu: aisialdia eta lehiaketa, bakoitza bere mailan. Aisialdian gure gozamenerako gabiltzanean, zaila da urduritasuna edo estresa izatea. Lehia edo estropada iristen denean, ordea, gauzak aldatzen dira. Nire kasuan, arraunean egin beharraren egin beharrarekin, askotan arraunketatik atera eta palakadak taldekideek baino lehenago ematen hasten nintzen. Horrelakoetan, patroiak agindu bakarra ematen zidan: Felix, lasai!
Entrenatzaileak, estropada aurreko berriketaldian hainbat aholku ematen zizkigun. Orokorrean, dena emateko esaten zigun; baina, niri lasai hartzeko eskatzen zidaten. Kantoia, Aristi, Zakarias Ostolaza, Tito Manzila, Luxia Olasagasti, edo Jabier Saskatek aholku bera ematen zidaten. Bakoitzak bere moduan, bide batez arlo psikologikoa lantzen zuten nirekin, eta talde osoarekin.
Arraunean lehiatzeari utzi ondoren, igeriketa zeharkaldi eta triatloietan aritu nintzen. Han, irteera aurretiko arnasketaren bidez, lasaitzeko modua aurkitu nuen.
Gaur egun kirola egiteak bezainbeste betetzen nau gaztetxoer arrauneko oinarriak erakustea; istriborra, ababorra, estropua, tosta... Gai hori hurrengo batean landuko dut.
Bitartean, tapapala eta gortu balantza!