Hamalau zumaiar eta bandera bakarra?

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2026ko otsailaren 26a

(Javier Carballo)

Argazkiko trainerua San Pedroko Fontan ontziolakoa da, eta arraunak Orioko Olidenek eginak. Baina, argazki horren hausnarketa sakon bat eginez gero, bitxikeria asko atera daitezke.

 Zumaiako arraun elkarteak beti landu du harrobia, hobeto edo okerrago. Eta bandera asko etorri dira harrobiko arraunlariekin %100ean osatuta.. Gure harrobia zabala baita: Matxinbentatik Zumaiara, Itziartik pasata. Argazki honetako kirolari denak *zumaiarrak eta harrobikoak dira.

Lagun batek aipatu didanez, hamalau zumaiarrekin osatutako traineru batek, bandera bakarra irabazi omen du: Colindresen,1994ko abuztuan. Argazkiko arraunlariak hauek dira:

  • Istriborrean: Iurgi, Iñigo, Felix, Oikiya, Xebas, Saskate
  • Ababorrean: Etxaniz, Tomas, Kurrinoa, Gorka, Dani, Stephane, Tximin
  • Patroi: Joseba Aristi

Argazki hau Javier Carballok ateratakoa da 1994ko uztaileko ilunabar batean. Trainerua egurrezkoa da; oraingo Amlibiaren 'platanito' itxuratik ez dauka. Killa guztiz zuzena da, txopan eta brankan okerdurarik gabea.  

Teknologiari dagokionez, Aristik paladak neurtzeko erloju berezi bat dauka; wattak neurtzeko azaburuaren tamainari begiratzen zaio. Arraunlarien eskumuturrean Casio moduko elojuak ikus daitezke, eta ez dago GPS-rik. Inpernupe eta Sakoneta bitartean gaude, iparmendebalderantz arraunean.

Hamalau zumaiarren kontua bitxikeria moduan aipatu dizuet, beste mila aipatu ditzakedan bezala. Zumaian guztientzat baitago atea zabalik, haur gazte edo beterano, hemengo edo hangoa izan.

Datorren astean, traineruaren pisua aztertuko dugu, bitartean, tapapala eta gortu balantza!

(*) Zumaian bizi edo, eta jaioa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide