Katxaperuak, irratia eta teknologia berriak

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2026ko martxoaren 14a

Estropadak jarraitzen ditugunok nola jakiten dugu horien berri? Emaitza irratiz, WhatsAppez edo sare sozial desberdinen bidez jakiten ditugu. Baina, beti izan al da horrela?

Andaika, txoaskina, taosa, ixkira, loiarra, eta katxaperua Zumaiako hitzak dira. Azkeneko hau aztertuko dugu gaur.

80ko hamarkadan estropadak jarraitzen genituenok zai egoten ginen noiz entzungo katxaperua. Eta ez zen santelmoetako txupinazoa (hura ere bai), udaberri edo uda garaiko edozein asteburutan entzuten baitzen.  Guztia ondo ulertzeko garai hartan kokatu gaitezen: EITB sortu aurretik, edo sortu berria zela, telebistan estropada gutxi ematen zituzten, irratian ere asko ez, eta etxe guztietan ez zegoen telefonoa. Beraz, trainerua herrira iritsi arte ez zen beti emaitzaren berri izaten.

Hango edo hemengo bandera irabazi zela jakin orduko Fermin Leiza 'enterradorea' izaten zen katxaperua botatzeko arduradunetako bat. Hori entzundakoan bagenekien bandera irabazi zuela Telmo Deun traneruak, eta ongietorria izango zela. Telefonoz Goiko bodegoira iristen zen batzuetan garaipena lortu izanaren mezua.

90eko hamarkadan irratia eta telebista indarra hartzen joan ziren, komunikabide moduan, eta 2000ko hamarkadan TKE liga sortzearekin batera, webgune bidez ziaboga bakoitzeko emaitzak zuzenean ikusten hasi ginen. 

Gaur egun, maila guztietako estropaden emaitzak berehala jakiten dira, WhatsApp, sare sozial edo kanal desberdinen bidez. Bitxikeria moduan, 1997an Errioxako I. Bandera irabazi genuen, eta nere amak katxaperua entzundakoan jakin zuen garaile izan zela Zumaiako Telmo Deun.

Aurten entzungo al dugu katxaperorik? Auskalo! Bitartean tapapala eta goortu balantza!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide