Gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du Geoparkeak

Egun Geoparkean gidari lanak egiten ari direnentzat edota etorkizunean jarduera hau garatu nahi duten profesionalentzat dago zuzendua. Ikastaroaren helburua da Geoparkeko interesguneei dagokien gaietan gidariak trebatzea. Besteak beste, Geoparkeko ondare geologikoa, ekologikoa eta kulturala landuko dira.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen apustu nagusietako bat da irteera gidatuen eskaintza zabalari eustea. Irteera hauen kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da ondo trebatutako gidariak edukitzea, hauek izango baitira gure lurraldearen balio nagusiak interpretatu eta modu erakargarri batean bisitariei azalduko dizkietenak. Neurri handi batean, gidari hauen gaitasunarekin lotuta doa bisitariaren asebetetzea eta poztasuna.

Hori dela eta, Geoparkeak gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du. Ikastaroa azaroan egingo da, azaroaren 10etik 26ra, hain justu. Alde teorikoa eta praktikoa izango ditu eta Geoparkeko ondare geologikoa, ekologikoa eta kulturala landuko dira.Halaber, gidarien lanarekin loturik dauden beste gai batzuk ere jorratuko dira, hala nola, interpretazioa, komunikazioa eta taldeen kudeaketa.

Prezioari dagokionean, izena emateko ikasle bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu seinale moduan. Diru kopuru hau ikastaroa amaitzerakoan itzuli egingo zaie ikasleei, baldin eta gutxienez ordu teoriko eta irteeren %80 egiten baditu.

Plaza mugatuak dira, 20 lagunentzat. Egun Geoparkean gidari lanak egiten ari direnei edota etorkizunean jarduera hau garatu nahi duten profesionalei dago zuzendua.

Izena emateko epea urriaren 13an zabalduko da, urriaren 23ra arte. Izena emateko ordainketaren frogagiria eta CVa bidali behar dira geoparkea2015@geoparkea.com helbidera.

Ikastaroari buruzko informazio guztia eskuragarri dago geoparkea.com webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide