Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta eta argazkilaritza eta natura maite dituen edonori zuzenduta, datorren larunbatean, azaroak 28, argazki-irteera egingo da Algorriko haitzetan, marearteko zabalgunearen natura-aberastasuna ezagutu, bertan dauden espezieak identifikatu eta natura-argazkigintzaren hastapenak lantzeko.
Argazkilaritza eta natura zaleek 10:00etan egingo dute hitzordua, Zumaiako Turismo Bulegoan. Handik Algorrira hurbilduko dira. Javier Carballo eta Carlos Callejo argazkilariek gidatuta egingo da ekimena eta 3 ordu eta erdiko iraupena izango du, 10:00etatik 13:30era, marea baxua aprobetxatuz. Marearteko gunearen biodibertsitatea erakusteko Geoparkeko espezialista bat bertan egongo da.
Ez da beharrezkoa izango naturari buruz edo argazkigintzari buruzko ezagutza handia izatea. Partaideek euren argazki-kamera eraman beharko dute eta kameraren erabilera aurrez ezagutu beharko dute. Haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak ere eraman beharko dituzte.
Parte-hartzea doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Zumaiako turismo bulegoan egingo da izen-ematea, 943 14 33 96 telefonora deituz edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikora idatziz. Gehienez 15 laguneko taldea osatuko da. Ekimen honetan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da. Saioa elebiduna izango da, euskaraz eta gazteleraz.