Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoaren berri emango du Fitur Nazioarteko Turismo Azokan urtarrilaren 20tik 24ra, Madrilen. Hain zuzen ere, asteazkenean, inaugurazio egunean, Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena egingo da Euskadiko standean. UNESCOren Munduko Geoparke izendapena lortu du duela gutxi Geoparkeak.
Bertako gerente Leire Barriusok egingo du Geoparkearen aurkezpena, 17:00etatik aurrera. Berarekin batera izango dira Basquetour eta Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ordezkariak, Zumaiako alkatea, Oier Korta, Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, eta Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi, buru direla. Halaber, Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako ordezkariak ere bertan izango dira.
Zumaia, Deba eta Mutrikuko herriek osatua, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultur aparta du, eta natura-turismo eta geoturismoaz gozatzeko Euskadin daukagun proposamen erakargarrienetakoa dugu.
Geoparkeko Turismo Bulegoek eskainitako datuen arabera, 2015ean Geoparkeko bisita gidatuak egin zituzten lagunen kopuruak %48 egin zuen gora, aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira, 9.743 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.
Laster izango du Geoparkeak prest 2016rako bisita gidatuen programazio berria. Programazio zabala, anitza eta erakargarria, bertako ondare geologiko, natural eta kulturalaren dibulgaziorako. Gainera, zalantza gabe, duela gutxi eskuratu den UNESCOren izendapenak bisitari gehiago erakarriko ditu Zumaiara, Debara eta Mutrikura.