Geoparkeak bisita gidatuen programa abian jarriko du asteburuan

Larunbat honetatik aurrera, Geoparkeak bisita gidatuen programa jarriko du abian. Martxoan eta apirilean, astebururo, hainbat proposamen eskainiko ditu.

Martxoko lehen asteburu honetan hasi eta martxoan eta apirilean zehar astebururo, Euskal Kostaldeko Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak eskainiko ditu, ondare geologikoa eta naturala protagonistatzat hartuz.

Bisita gidatuak Geoparkeko hiru herrietan eskainiko dira, Mutrikun, Deban eta Zumaian. Erreserbak egin daitezke jada www.geoparkea.com webgunearen bitartez.

Datozen bi hilabeteetarako aurreikusi diren bisita gidatuen artean, nabarmentzekoak dira kostaldeko labar ikusgarriak ezagutzera ematera bideratuta dauden irteerak, bai oinez, bai itsasontziz. Geoparkeko harkaitzetan hainbat gertakari gelditu dira jasota, hala nola, dinosauroen desagerpena edota Lurraren aldaketa klimatiko handiak. Bisita gidatuek geologia, edertasun handiko paisaiak, kultura eta turismoa uztartzen dituzte.

Aste Santuan eta Pazko Astean Geoparkeak nabarmen handituko du bisita gidatuen eskaintza, turista eta bisitariak hiru herrietara erakarri asmoz.

Geoparkea, Sevatur turismo azokan
Aurreko urteetan bezalaxe, Euskal Kostaldeko Geoparkea Sevatur turismo azokan egongo da. Martxoaren 4tik 6ra bitartean egingo da, Donostiako Kursaal Jauregian.

Gipuzkoako standaren barruan izango du tokia Geoparkeak eta bertan geoturismo eskaintzari buruzko informazio osoa zabaltzea izango du helburu, bisita gidatuen programa eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerriei buruzko xehetasunak.

Ostiraletik igandera bitartean, goizeko 10.30etik 14:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:30era zabalduko ditu ateak bisitariarentzat.

(Argazkia: Javier Carballo)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide