Euskal Kostaldeko Geoparkea presente egongo da UPV/EHUren Udako Ikastaroen 35. edizioan. Abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitartean, Geoparkeak ikastaro bat eskainiko du Donostiako Miramar Jauregian “Mendiak eta geologia: paisaia menditsuen eta alpinismoaren gaineko begirada desberdin bat” izenburupean.
Geoparkeko Zuzendari Zientifiko Asier Hilarioren gidaritzapean, ikastaroak mendiko profesionalen, adituen eta mendizaleen arteko topagune izan nahi du. Paisaia menditsu ezagunenak interpreta ahal izateko ezagutzak eskainiko dira ikuspuntu desberdin batetik, hauen jatorria, bilakaera eta gordetzen duten informazio piloa aintzat hartuz. Halaber, erliebe handi hauen ezaugarri geologikoen eta eskaladarako eta alpinismorako dituzten berezitasunen arteko lotura aztergai izango da.
Irakasleak lehen mailakoak izango dira, geologia eta alpinismoaren eremuan entzute handiko adituak: Jeronimo Lopez ikertzailea eta alpinista, Jose Carlos Tamayo alpinista, Luis Carcavilla geologoa eta alpinista, Sobrarbe Geoparkeko zuzendaria Anchel Belmonte eta Asier Hilario, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa.
Asier Hilariok, ikastaroaren arduradunak, azaldu duenez “alpinista eta entzute handiko zientzialarien arteko eztabaida-gune bat sortzea dugu helburu, iritziak, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, pasio komun baten inguruan: mendia”.
Ikastaroaren baitan, bi egunetan konferentziak eta mahai-ingurua izango dira eta beste egun batean txango bat egingo da. Besteak beste, munduko zein Pirinioetako eta Euskal Herriko mendi nagusien jatorria eta bilakaera emango dira ezagutzera eta Himalayako zortzimilakoak eta munduko mendi ikusgarrienetako batzuk ardatz harturik, geologiaren eta alpinismoaren arteko lotura izango da aztergai. Ikastaroa ixteko, mendi hauen estetikaren kontzeptua eta geologo eta alpinisten atentzioa pizten duten bereizgarriak mintzagai izango dira mahai-inguru batean. Gaztelaniaz egingo da ikastaroa.
Ikastaroaren baitan, Euskal Kostaldeko Geoparkera irteera egingo da. Berriki UNESCOren Munduko Geoparke izendatua, nazioarte mailako paisaia geologiko nabarmenenetako bat ezagutzera emateko balioko du.
Izen-ematea zabalik dago uik.eus webgunean.
Argazkian, Ordesa eta Perdido Mendia / Anchel Belmonte, Sobrarbe Geoparkea.