Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak (Deba, Mutriku, Zumaia) presentzia bikoitza izango du aurten Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan, asteazkenetik aurrera. Batetik, natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. Bestetik, Geoparkeak bere stand propioa izango du Fiturren, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen babespean. Bertan Naturtejo (Portugal), Sobrarbe (Huesca) eta Villuercas Ibores Jara (Extremadura) Geoparkeekin batera promozionatuko da, helmuga turistiko berritzaile eta jasangarri gisa.
Geoparkeko ordezkaritza osatuko duten kideen artean, Debako eta Mutrikuko alkateak izango dira, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, Zumaiako Udaleko ordezkariekin batera. Agendan dituzten hitzorduen artean, ostegunean, hilak 19, Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtearen harira Geoparkeen Munduko Sareak eta estatu espainiarreko Geoparkeen Batzordeak antolatu duten ekitaldian parte hartuko dute. Ekitaldia Extremadurako standean egingo da eta bertan hartuko du hitza Nickolas Zourosek, UNESCOk babesten duen Munduko Geoparkeen Sareko presidenteak. Ekimen honen baitan aurkeztuko da “Geoparkeak, turismo jasangarriaren helmuga berritzaileenak" liburua.
2017. urtea Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urte izendatu du Nazio Batuen Erakundeak eta Europako UNESCO Geoparkeen Sarea ekimenarekin bat egin duten babesleen artean dago. Nazioarteko Urtearen irekiera ekitaldia Fiturren egingo da asteazkenean.