Pasa den urtarrilaren 17an boluntario taldeek itsasoko zaborra batu eta hondakinen karakterizazio datuak (sailkapena eta identifikazioa) jaso zituzten Zumaiako Inpernupe eta Mutrikuko Burumendi hondartzetan. Ekimena LIFE LEMA deritzon proiektuaren baitan kokatzen da. Irailean eman zitzaion hasiera proiektuari eta hiru urtez luzatuko da.
Proiektua nazioarteko lan-talde batez osatuta dago eta sei bazkide ditu, Gipuzkoako Foru Aldundia horien buru delarik. Ondokoak dira beste kideak: AZTI eta Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Biarritzeko Udala erakunde publikoak eta Surfrider Foundation Europe GKE. LIFE LEMAk metodologia-gida bat eta erreminta adimentsuak jarriko ditu tokiko aginteen esku uretan dauden itsasoko zaborrak modu eraginkorrean kudea ditzaten, mugaz gaindiko izaerako politika europarren hobekuntza sustatuz.
Aurreikusita dauden ekintzen artean, Debako itsasadarraren aurrean hondakinak harrapatzeko ur gaineko barrera bat jarriko da.
Mundu mailako arazoa
Europako Ingurumen Agentziaren (EEA) arabera, 10 milioi tona zabor isurtzen dira, urtero, munduko itsaso eta ozeanoetara. Itsasoko zaborrak itsasoko zein lurreko jatorria duen arazo bat da. Itsasoan dauden zaborren % 80 inguruk lurrean gauzaturiko jarduketetan du jatorria. Itsasoko zaborrek ingurumenaren, ekonomiaren zein osasunaren arloko arazoak sortzen dituzte. Eragin zuzena dute itsasoko animalietan eta kostaldeko komunitateen arlo sozioekonomikoari eragiten diote ere, itsasoko zaborren arazoa duen kostalde batek bere erakargarritasuna gutxitu eta turista gutxiago erakarriko baititu. 350 milioi euro gastatzen dira, urtean, Europako hondartzak garbitzeko. LIFE LEMAk Europako kostaldetako aginteentzat esfortzu handia suposatzen duen kostu hori gutxitu nahi du.
PELAGIS/CRMM proiektuak 2011-2012 epean zehar egin zituen ikerketen arabera, Bizkaiko Golkoko uretan dagoen itsasoko zaborraren dentsitatea, hektarea bakoitzeko (0 eta 100 m-ko sakoneren artean), Europako beste herrialde batzuetan aurki daitekeena baino handiagoa da: 2,03 hondakin hektareako. Horietako % 2-3a arrantza arloari lotuta dago. LIFE LEMAk, horrenbestez, funtsezko eragiletzat hartu du aipatu arrantza arloa ingurumen arazo hau prebenitu ahal izateko.