100 boluntariok parte hartuko dute bihar Geoparkeko Kostaldearen garbiketan

Europako Geoparkeen Astearen baitan, bihar, larunbatez, labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa egingo da boluntarioekin, Deba-Zumaia Biotopoan. Garbiketa lanetan helikopteroa erabiliko da eta Elorriagako atsedenlekua itxita egongo da goiz osoan bisitarientzat.

Europako Geoparkeen Astearen barruan, bihar, larunbata, Geoparkearen kostaldeko itsaslabarretan garbiketa egingo da auzolanean, bertan pilatzen diren hondakinak eta plastikoak jasotzeko helburuarekin. Herritarrak ingurune honek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea du helburu ekimenak.

100 boluntariok eman dute izena eta Geoparkeak eskerrak eman nahi dizkie guztiei. Dagoeneko itxita dago izen-ematea. Garbiketa goizez egingo da, itsasbehera aprobetxatuz, Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba).

Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baitira labarretara. Deban, Alamedatik aterako da autobusa eta Zumaian, GKN enpresaren ondotik. Garbiketarekin hasi aurretik, antolatzaileek garbiketa lanak nola egingo diren azalduko diete boluntarioei. Ondoren, eskularruak banatuko zaizkie eta labarretara oinez jaitsiko dira, taldetan antolatuta. Zaborra biltzeko zakuak egun bat lehenago eramango dira tokira bertara. Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute.

Tokia harritsua denez, boluntarioei oinetako egokiak eta arropa erosoa eramatea gomendatzen zaie, baita kantinplora bete ur ere. Lanak amaitutakoan, jan-edana eskainiko zaie parte hartzaileei.

Zakuetan jasotako hondakinak labarretatik Elorriagako atsedenlekuan kokatutako guneraino ateratzeko helikoptero bat erabiliko da. Han kamioiak jasoko ditu zakuak, hondakinak Elgoibarko garbigunera eramateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide