Bisita gidatu eskaintza betea udazkenerako, Euskal Kostaldeko Geoparkean

Proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den “Flyscha, begirada batean” irteera gidatua.

Udazkena bete-betea dator Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean. Urrian, egunero eskainiko dira bisita gidatuak –astelehenetan izan ezik- bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan eta abenduan, irteera gidatuak asteburu guztietan eta jaiegunetan eskainiko dira.

Geoparkeak bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du Deban, Mutrikun eta Zumaian; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoagoa duten esperientzia bereziak.

Proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den "Flyscha, begirada batean" irteera gidatua (euskaraz), uretatik Geoparkeko labar ikusgarriak miretsi eta geruzaz-geruza ezkutuan gordetzen duten historia ezagutzeko itsas-ibilaldia.

Bisita gidatuen egutegi osoa Geoparkearen webgunean kontsulta daiteke eta bertatik egin daiteke erreserba.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide