350 zuhaitz berri, Elorriagan

30 bat lagun bildu ziren atzo, igandez, Elorriaga inguruan zuhaitzak landatzeko. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu zuten ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Eguraldi euritsua iragarrita bazegoen ere, hainbat familia bildu zen atzo, igandez, Elorriaga inguruan 350 zuhaitz eta zuhaixka landatzeko. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu zuten ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.
 
Giro onean igaro zuten goiza landaketara hurbildu ziren haur zein helduek. Goizeko 9:30ean egin zuten hitzordua eta bi orduz aritu ziren landatze lanetan, zuloak egin eta zuhaitzak aldatzen. Guztira, 350 zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten, horien artean, lizarrak, urkiak, sagarrondoak, erramuak, basaranak, elorri zuriak, ametzak, zuhandorrak, oilaranak, arteak, zumarrak… Ohiko zuhaitz landaketaz gain, heskaia ere landatu zuten.
 
Izan ere, ekimenak helburu bikoitza zuen. Batetik, Biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea eta, bestetik, heskaiak – lursailen arteko zuhaixkez osatutako mugak - sustatzea.
 
Aipatzekoa da, aurreko urteetan egindako landaketei esker, poliki-poliki ingurune horretako basoa hazten ari dela.
 
Behin lanak amaituta, mokadu goxoa egin zuten parte-hartzaileek Lauhaizeta elkartean.
 
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete bertaratu ziren herritar guztiei, baita Aldundiko teknikariei ere, emandako laguntza eta erraztasunengatik.
 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide