Gaur goizean, hilak 31, Europako Geoparkeen Astearen baitan, ‘GeoparkeZaleak' ekimena aurkeztu da Itziarko Itxaspe Kanpinean. Euskal Kostaldeko Geoparkearen entitate laguntzaileak biltzen dituen komunitate dinamikoa eta irekia da. Gaur-gaurkoz Debako, Mutrikuko eta Zumaiako 19 entitate biltzen ditu sareak. Lurraldearekiko atxikimenduak eta ingurune sozial eta naturalarekiko konpromisoak batzen ditu, eta ekimenaren asmoa da Geoparkearen bueltan topagune irekia eta parte-hartzailea eratzea. Geoparkea zer den eta zer balio dituen zabaltzea izango du helburu nagusi.
Hasiera batean, sareak turismo arloko entitateak biltzen ditu, baina atxikimendu gehiago jaso eta hazten joatea da asmoa. Honela, pixkanaka sarera batu ahal izango dira Geoparkeko ikastetxeak, elkarteak, bestelako kolektiboak eta baita norbanakoak ere.
Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, eta Debako, Mutrikuko eta Zumaiako alkateak. Udal ordezkariek bertaratu diren entitate laguntzaileak zoriondu eta esker ona adierazi diete, euren konpromiso eta ekimenagatik.
Ekimenarekin bat egin duten entitate gehienak Geoparkea osatzen duten hiru herrietako, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako, ostatuak dira. Baina bada zerbitzu turistikoak eskaintzen dituen enpresa bat ere. Hauek guztiek egiaztatu dute kalitate eta etengabeko hobekuntza prozesuetan murgilduta daudela. Eskaintzen dituzten zerbitzuak eta produktuak ikuskatuak izan dira eta agerikoa da Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkearekiko zein iraunkortasunarekiko duten konpromisoa.
Ekitaldian, sareko bi ordezkarik atxikimendu-adierazpena irakurri dute, entitate laguntzaileen konpromisoak jasotzen dituena. Jarraian, banan-banan, entitate laguntzaileek aurrerantzean euren establezimenduetan erakutsiko duten plaka bereizgarria jaso dute.
Geoparkeak, bestalde, geoparkea.eus webgunean laguntzaile diren entitateak soilik erakutsiko ditu. Gainera, deskontu kodeak banatuko dizkie entitate laguntzaileei, bezeroen artean Geoparkeko bisita gidatuetan parte hartzeko prezio murriztuak eskaini ditzaten.
Honekin guztiarekin, Geoparkeak aitortza egin nahi die kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lanean diharduten eragileei.
*Entitate laguntzaileen zerrenda:
*Entitate laguntzaileen zerrenda:
- Arbe Hotela (Mutriku)
- Arriola Txiki Nekazalturismoa (Deba)
- Begi Bistan zerbitzu turistikoak (Zumaia)
- Itxaspe Kanpina (Itziar, Deba)
- Saturraran Kanpina (Mutriku)
- Zumaia Kanpina (Zumaia)
- Eleizondo Landetxea (Lastur, Deba)
- Endañeta-Berri Nekazalturismoa (Zumaia)
- Errotaberri Landetxea (Itziar, Deba)
- Goikola Landetxea (Lastur, Deba)
- Kanala Hotela (tziar, Deba)
- Lasturko Aterpetxea (Lastur, Deba)
- Pikua Landetxea (Mutriku)
- Saka Nekazalturismoa (Deba)
- Santa Klara Nekazalturismoa (Zumaia)
- Talaso Zelai Hotela (Zumaia)
- Txindurri-Iturri Nekazalturismoa (Itziar, Deba)
- Zubeltzu-Torre Nekazalturismoa (Itziar, Deba)
- Zumalabe Hotela (Mutriku)