Izarraitzeko karsta ezagutzeko mendi ibilaldi gidatua antolatu du Geoparkeak abenduaren 15erako

Argazkia; www.flickr.com/photos/begonafernandez

Inma Mugerza geologoak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuko dute ibilaldia. Parte-hartzea doakoa da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da: 943 19 24 52 / geoparkea@geoparkea.com.

Mendien Nazioarteko Eguna da abenduaren 11a, eta horren harira Euskal Kostaldeko Geoparkeak "Izarraitzeko karsta, Geoparkeko harresia" mendi ibilaldi gidatua antolatu du abenduaren 15erako (larunbata).
 
Goizeko 9:00etan abiatuko da ibilaldia Aittolako aparkalekutik, Zorrozpeko atsedenlekutik. Erloko gailurrerako bidean hainbat geldiune egingo dira inguruak eskaintzen dituen altxorrez gozatzeko. Inma Mugerza geologoak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuko dute ibilaldia. Euskaraz emango dituzte azalpenak.
 
Urola eta Deba ibaien artean ageri den Izarraitzeko karsta Kontserbazio Bereziko Mendigunea da, interes berezia duten habitat naturalak gordetzen baititu. Non eta nola begiratu jakinez gero, iraganeko garaietako arrastoak ikus daitezke harrietan; Pirinioen sorrera, itsas mailaren gorabeherak edota duela hainbat milioi urte Kantauri itsasoan bizi ziren izakien berri jakin dezakegu, besteak beste. 
 
Gainera, leize eta kobazuloz jositako ingurua da Izarraitz eta han-hemenka urak ibilbide bitxiak egiten ditu, Erloko barrunbeak zeharkatuz.
 
Izarraitzeko karstak gordetzen dituen altxor hauek guztiak ezagutzeko ibilaldiak lau bat orduko iraupena izango du. Tartean indarrak hartzeko geldiunea ere egingo da eta, beraz, gomendagarria da bakoitzak jateko zerbait eta ura eramatea. 
 
Parte hartzea doakoa da. Parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman behar dute 943 19 24 52 telefonora deituz (Debako turismo bulegoa) edo geoparkea@geoparkea.com epostara idatziz. Plazak mugatuak dira.
 
Mendien Nazioarteko Eguna
2003. urtean Nazio Batuen Erakundeak Nazioarteko Mendien Eguna ezarri zuenetik, abenduaren hasieran izaten dugu gure planetan mendiek duten garrantzia aldarrikatzeko aukera. Hain zuzen ere, Lurraren azaleraren %22 mendiek osatzen dute, eta bertan aurkitzen dugu ura, elikagaia, energia garbia edota aisialdirako beta. 
 
Aitzitik, mendiek jasaten duten mehatxua ez da hutsala. Klima aldaketak, lurren suntsipenak, baliabideen gehiegizko ustiaketak edota hondamendi naturalek mendietako komunitateak ez ezik, munduko biztanleak ere arrisku bizian jartzen dituzte. 
 
Horregatik guztiagatik Euskal Kostaldeko Geoparkeak gure mendiak hobeto ezagutzeko ekimen hau antolatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide