Mendiko hezeguneak ezagutarazteko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak otsailaren 9rako

Geoparkeak antolatuta, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko bi adituren eskutik, balio natural handiko hezeguneak ezagutzeko aukera izango da. Itziartik abiatuko da ibilbidea eta familia osoari zuzenduta dago.

Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi irteera gidatua antolatu du otsailaren 9rako, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. "Geoparkeko mendiko hezeguneak, bide ondoko oasi ezezagunak" izenburupean, irteerak Geoparkeko mendialdeko hezegune berezi hauen balioa eta onurak eman nahi ditu ezagutzera.
 
Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kidek gidatuko dute ibilaldia, Ion Garin eta Iñaki Mezkita adituek. Anfibioak aztertzen ditu Garinek eta odonatoetan aditua da Mezkita. Itziartik abiatu eta Artutzan eta Urritzuko putzuak eta bertako bioaniztasuna ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bidean beste putzu batzuk ere ikusiko dituzte.
 
Hezeguneen Munduko Egunaren aurtengo leloa "Hezeguneak eta klima aldaketa" da. Hain zuzen ere, hezeguneak ezinbesteko ekosistemak dira berotegi-efektuko gasen igorpenak egonkortzeko eta klima aldaketaren eragina murrizteko. Barnealdeko zenbait hezegunetan, zohikaztegietan hain zuzen, atmosferara igorritako karbonoaren %30 biltzen da, munduko baso guztietan baino bi aldiz gehiago. Hezeguneak karbono hustulekurik eraginkorrarenak dira.
 
Aitzitik, azken 50 urteetan munduko hezeguneen %35 galdu egin da, sarritan, idortuta edo erreta, nekazaritzan erabiltzeko edo azpiegiturak eraikitzeko, mendeetan pilatu duten karbonoa atmosferara isuriz.
 
Geoparkeko hezeguneen balio naturala ezagutaraztea eta klima aldaketaren aurka naturgune hauek duten garrantziaz jabetzea du helburu nagusi ekimenak. 
 
Jarduera familia osoari zuzenduta dago. Itziarren amaituko da mokadutxo batekin. Gainera, gaztetxoentzat oparia egongo da. Parte hartzea doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira.
 
Hitzordua goizeko 10:00etan jarri da, Itziarko frontoian. Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz. Ura eta oinetako eta arropa egokiak eramatea gomendatzen da.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide