Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren azterketa gainditu du

Bigarren “txartel berdea” eskuratu du eta beste lau urtez eutsiko dio UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez, 2022. urtera arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio. Kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa, "green card” edo txartel berdearekin; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek. 
 
Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen bigarren aldia da (lehenengo azterketa 2014an izan zen), eta ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearentzat “proiektu sendoa eta garrantzitsua dugula agerian jartzen du aitorpen honek, eta UNESCOren balioak betetzen ditugula”.
 
Albistea “poztasun handiz” jaso dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Udalek, Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso ere “oso pozik” agertu da bigarren txartel berdea eskuratuta. “Aitorpen honek hauspoa ematen digu eta lanean segiko dugu gure ondare naturala eta kulturala zaindu eta sustatzeko”, adierazi du.
 
Halaber, Barriusok albistea ospatzeko nahia agertu du “era batera edo bestera Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren lagun guztiei helarazi nahi genieke gure esker ona, erakundeei, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-arloko eragileei eta, noski, Geoparkeko herritarrei, izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da”.
 
UNESCOko adituen azterketa 2018ko uztailaren 10etik 12ra bitartean egin zen. Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendaria, Mike Sweeney, eta Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendariordea, Marekazu Ohno, izan ziren Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zuten bi ebaluatzaileak. Hiru egunez agenda bete-betea izan zuten; Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten eta eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartu ziren. 
 
Orduan, UNESCOko bi ebaluatzaileek “oso positibotzat” jo zuten Geoparkea egiten ari den lana bertako ondare geologikoaren zabalkundea eta kontserbazioa sustatzeko, bertako kulturari eta historiari lotua, baita erakunde ezberdinen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza estua ere.
 
 
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea
 
Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea; ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.  
 
2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.
 
Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen gizarteratze eta kontserbazioari dagokionean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide