Geoparkearen ondare geologikoa ezagutu eta balioan jartzeko sortu da material hau eta PDF formatuan daude eskuragarri, erabiltzaileak mugikorrean deskargatu eta ibilbidea egiten duen bitartean gainean eramateko. Material hau orain arte zeuden geoibilbideen gida liburua eta panelak osatzera dator, ibilbideetan zehar dauden interesguneak modu erraz baina zehatz batetan ezagutzeko.
PDFak Geoparkearen webgunean daude eta ibilbidea egiteko behar den informazio guztia aurkitu daiteke: abiapuntua, iraupena, hasiera puntura iristeko beharrezko argibideak, interesguneak eta ibilbidearen mapa interaktibo bat, besteak beste.
Geoibilbide hauetan, Algorriko altxor geologikoa, Elorriagako biotopoko behatoki handia, Sakonetako senadi eta labar basatiak, Lapariko flysch beltza, Olatz harana eta Zumaian hasi eta Deban amaitzen den Talaia ibilbidea ezagutuko dituzu, azken honi flyscharen ibilbidea ere deitzen zaio.
Ibilbideak balizatuak eta interpretatuak daude, eta luzera desberdinak dituzte, kilometro eta erdikoa laburrena eta hamalau kilometrokoa luzeena, materiala euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri.