Irteeran hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango da; hegaztiak non ikusten diren, hauek ondo ikusteko beharrezko tresnak, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dira, besteak beste.
Debako Anes Arrinda Pasealekua izango du abiapuntu irteerak, goizeko 10etan elkartuko da taldea eta tailerrak 3 orduko iraupena izango du. Geoparkeko Ingurumen arduradunak, Gonzalo Torrek, gidatuko du taldea eta azalpenak euskaraz emango ditu. Jarduera interesa duen edonori dago zuzendua eta parte-hartzea doakoa da.
Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena formularioan edota Debako Turismo Bulegoan 943-19 24 52 telefonoan (8:00-15:00 astelehenetik ostiralera), plazak mugatuak dira eta. Edukiz gero, prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Hegaztien Munduko Eguna
Hegaztiak dira datu gehien dituen fauna-taldea, eta horrek gure planetako osasun-egoeraren adierazle garrantzitsu bihurtzen ditu. Horiei esker, gertatzen diren aldaketen berri izan dezakegu, hala nola, klima-aldaketa edo biodibertsitatearen galera. Arrisku handiko espezieak desagertzen ari dira oraindik, eta lehen arruntak eta orokorrak ziren espezieak gainbehera bizian daude.
Estatuko hegazti arrunten % 37, eper edo enara arrunta bezain espezie ezagunak barne, egoera txarrean daude. Hori horrela, hegaztiek naturan duten garrantzia aldarrikatzeko eta haien aldeko kontserbazio neurriak eskatzeko ospatzen da urtero SEO-BirdLife antolatutako Hegaztien Eguna.