BIOTOP izeneko biodibertsitate topaketa egingo da larunbatean Elorriagan

Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin egingo da, jarduerak Galarretako atsedenlekua (Itziar-Deba) izango du abiapuntu eta lau txanda egongo dira aukeran.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Europako Geoparkeen Astearen baitan, BIOTOP izeneko biodibertsitate topaketa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin larunbatean, hilak 21. Jarduerak Galarretako atsedenlekua (Itziar-Deba) izango du abiapuntu eta lau txanda egongo dira aukeran.

BIOTOP topaketa edonori dago zuzendua, doakoa da eta Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea du helburu, kasu honetan, Elorriaga auzoko hegaztiak eta flora ezagutzeko aukera emango digu. Prismatikoaz izanez gero, eramatea gomendatzen da.

Larunbateko goizean zehar hainbat irteera egingo dira. Talde bakoitzak Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. Gehien interesatzen zaizun taldea aukera dezakezu edo batean baino gehiagotan parte hartu.

Irteeren ordutegiak:

  • 9:00-10:30 Aves (castellano)
  • 9:00-10:30 Landareak (euskaraz)
  • 10:30-12:00 Hegaztiak (euskaraz)
  • 10:30-12:00 Plantas (castellano)

Ekimena irekia da, baina parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2022 edo turismo bulegoetan (943 143 396 / 943 603 378 / 943 192 452). Plazak mugatuak dira eta taldeak 20 parte-hartzaile izango ditu gehienez. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide