Euskal Kostaldeko Geoparkeak Flyscha haurrekin ekimenaren saio berezia antolatu du datorren urriaren 12rako (larunbata). Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan jarri dute hitzordua, 16:00etan, eta, bertan, haurrei zuzendutako tailer dibertigarri bat egingo da. Etxeko txikienek mineralak eta fosilak ezagutzeko hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte, ordubete inguruz. Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira. Flysch beltza delakoaren labar ikusgarriak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Honenbestez, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren artean dagoen guneaz gozatuko dute parte-hartzaileek.
Guztira, bi ordu eta erdiko jarduera izango da, euskaraz egingo da, eta 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat zuzendua dago. 25 lagunentzako tokia besterik ez dagoenez, aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da. Horretarako, Geoparkearen webgunera jo eta Nautilus, flyscheko fosilak izeneko bisita gidatuan izena eman behar da. Bisita honek %30eko deskontua izango du izena ematean “haurrak” kodea erabiltzen duenarentzat.
Amonite bereziak
Mutrikun aurkitutako amoniteak duela 100-110 milioi urtekoak dira, Behe Kretazeokoak. Ikusgarriak dira zeren normalean izaten duten 4 cm-ko diametroaren aldean, Mutrikukoek 30-50 cm-koa dute. Hainbat hamarkadaz amonite erraldoiak biltzen aritu diren Jesus Narvaez eta Esperanza Azkarraga bikoteari esker jakin ahal izan dugu inguru hartan eta bi milioi urtez amonite erraldoiak sortu zirela. Horietako asko Nautilus ikasgelan gordetzen dira eta Geoparkeak antolatutako ekimen honen oinarri izango dira. Izan ere, Geoparkeak gure lurraldearen aberastasuna eta jakinduria haurrei gerturatu nahi die, ezagutzen ez dena zaila delako maitatzen, eta maitatzen ez dena are zailagoa zaintzen.