Saguzar gaua egingo du Geoparkeak Mutrikun, uztailaren 4an

Erabiltzailearen aurpegia Euskal kostaldeko Geoparkea

Europako Geoparkeen Astearen barruan egin zuten bisitako argazkia. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Ugaztun hegalari hauen inguruko erakusketa eta detekzio-irteera doakoa eta publiko orokorrari irekia izango da.

Saguzarrak ezagutzeko jarduera antolatu du Geoparkeak. Oraingo honetan, Mutrikun egingo da ekimena. Europako Geoparkeen Astearen egitarauaren barruan egin zen jarduerarekin jarraituz, ugaztun interesgarri hauei buruz gehiago ikasteko aukera izango dute hala nahi dutenek uztailaren 4an, ostiralez. Beheko Plazako aterpean jarrita dago hitzordua, 21:30ean, eta gehienez 30 lagunek hartu ahal izango dute parte.

Jarduerak bi zati ditu, lehenbizikoan Naturtzaindiako adituen azalpenak entzungo ditugu (euskaraz) eta, ondoren, ibilbide labur bat egingo da saguzarrak entzuteko edo detektatzeko. Haurrekin egiteko ekimen oso aproposa da. Eguraldia segurua ez bada, bertan behera utzi beharko da ekimena, saguzarrak euriarekin ez direlako apenas mugitzen. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute labur.eus/saguzar inprimakia betez edo Mutrikuko turismo bulegoaren bidez, 943-60 33 78 telefonoan.

Gutxietsitako animaliak

Saguzarrek ezinbestekoak dira gure inguruko ekosistemetan, besteak beste, intsektuen populazioak kontrolatzen dituztelako (indibiduo bakoitza gau bakarrean 1.000-3.000 intsektu jateko gai da). Sarritan kobazuloekin lotzen ditugu, baina zuhaitzetan, eraikinetan edo harrizko paretetan bizi direnak ere badaude.

Euskal Herrian 27 espezie daude, haietako 25 Gipuzkoan. Eta Euskal Kostaldeko Geoparkean gutxienez 16 espezie aurkitu dira. Naturtzaindia elkarteak aurkeztu berri duen Gipuzkoako saguzarren atlasaren arabera, Geoparkea Gipuzkoako saguzar espezien aberastasun handienetakoa duen zonaldea da, eta 1x1 kilometroko koadrikula batean 15 espezie antzeman dira.

Tamalez, saguzarrak fama txarreko animaliak izan dira eta haietaz ez arduratzeaz gain, nahita desagerraraziak izan dira maiz. Hori dela eta, Europan hainbat saguzar espezieen populazioak gainbeheran daude, eta galera horren erantzule ia bakarra gizakia eta euren jarduerak izan dira.

Geoparkean aurkitu daitezkeen saguzarren espezie guztiak babestuta daude. Batzuk, gainera, galtzeko arriskua daude Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoaren arabera: ferra-saguzar mediterraniarra, Bechstein saguzarra, baso-saguzarra eta Schreibers saguzarra, hain zuzen. Beste batzuk, ferra-saguzar handia, Geoffroy saguzarra edo Gau-saguzar handia, kasu, kaltebera izeneko kategorian daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide