Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta hiru udaletako turismo zerbitzuek irudi bateratua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Euskal kostaldeko Geoparkea 2026ko otsailaren 26a

Algorriren kolorea gogorarazten duen laranja kolorea izango du Zumaiari dagokion logo berriak.

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako Turismo sailek irudi berria sortzea adostu dute turismo kudeaketa Geoparkearenarekin lerrokatzeko helburuarekin. Lurraldearen nortasun partekatua indartzeko urrats estrategikoa da berrikuntza hau eta erakunde horien balioekin koherentea, ezaguna eta lerrokatua den irudi bat sortzea du helburu.

Logotipo berriak udalerrien nortasuna definitzen duten elementuetan oinarritzen dira. Deba "turbidita horia" kolorearekin bat dator, flyschari aipamena eginez; Mutriku marinel izaerari lotutako urdinarekin irudikatzen da; eta Zumaia, Algorriren kolorea gogorarazten duen laranja kolorearekin.

Leire Barriuso Astigarragak, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak, adierazi duenez, "markaren irudi berri hau logotipo aldaketa bat baino askoz gehiago da; lurralde bakar baten nortasun partekatua eta Geoparkea eta bere udalen arteko lankidetza estua bisualki adierazteko modu bat da". Halaber, nabarmendu duenez, "irudi komun bat izateak modu argiagoan eta kohesionatuagoan komunikatzea ahalbidetzen digu nor garen, zein balio defendatzen ditugun eta ondare geologikoaren babesarekin eta lurraldearen garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoa zein den".

Marka-irudi bateratu horri esker, Geoparkearen eta hura osatzen duten udalerrien ikusgarritasuna hobetuko da, eta komunikazio argiagoa eta sendoagoa erraztuko da, bai tokian-tokian, bai estatuan eta nazioartean. Hemendik aurrera, logotipo berria pixkanaka aplikatuko da euskarri instituzionaletan, seinaletikan, turismo-materialetan, argitalpenetan eta kanal digitaletan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide