Gure etxea non amaitzen den eta bizilagunena noiz hasten den -edo alderantziz- gogorarazten diguten munarri izukaitzak aurkitzeko proposamena da, hain zuzen, Imanolek egin diguna. Koaderno horretan, detaile osoz aurkituko ditugu bide bazterrean, errekatxo baten ertzean edo baratze baten erpinean GPS eta sateliteak agertu aurreko lurrazalean herriko ertzak markatzeko paratu ohi ziren ikurrak.
Liburua jendaurrean jarri zen egunean txiki geratu zen San Telmo ermita, eta mugarrien ibilbidean noizbait parte hartu, edo liburu hori errealitate bihurtzen lagundu dugun guztiok, eserleku bat bai ondokoa ez, zinemak ospetsu bihurtutako kaperatxoa bete genuen, pozarren. Kontent, hainbeste urtetako lan fin eta konstantea denen esku zegoelako, betiko gordeta gera zedin. Alegera, maitasunez eta mimoz egindako gauzak pertsonen barrenera iristeko gai direlako eta ingurua beste era batera ikusarazten digutelako. Pozik, ondare txiki, apal eta bazterrekoak bizia hartu baitu, munduaren aurrean harro agertzeko.
Alabaina, pobrearen etxean alaitasunak gutxi dirau eta mugarriak hain bazterrekoak eta xaloak izateagatik, beharbada, ikusezin suertatzen dira hainbat eta hainbat begien aurrean. Izan ere, argazkian ikusten den bezala, atea zabalik omen dago haien gainean bakoitzak nahi duena egin dezan. Zumentzuko honetan, galbiderik ez dagoen tokian PR-GI 202 Txakolinaren ibilbidea jarraitzeko kolore biko marrak margotzeko, adibidez. Halako 5 lerro-bikote 600 metroko eta adarrik gabeko Karakasko erriberako bide zatian!!!
Ibilbide hau markatzeko ardura norena den ez dakit, mendi federaziokoa den edo haren sustatzaileena (guztiz instituzionalak kasu honetan) ote den. Bideak markatzeko irizpideak zein diren ere ez dakit, baina ikusitakoa ikusirik, nahiko lasaiak direla dirudi.
Hortaz, nire buruari galdera bat egin diot, hots, norbait gerturatuko ote da bidegabekeria hau konpontzera? Eta erantzuna baietz dela uste nahi izan dut, zin-zinez.