Jon Urbieta eta Telmo Idigoras, Betizu taldearen itzulera kontzertuan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025ko urt. 6a, 11:00

'BT 2025' kontzertuko parte hartzaileak –goiko ilaran ezkerretik bigarrena da Idigoras eta beheko ilaran ezkerretik bigarrena Urbieta–. (EITB)

Betizu taldeak musikaren bidea utzi eta hogei urtera, kontzertu berezi bat eskaini dute talde hura osatu zuten kideek. EITBren Primeran streaming plataformaren bidez ikusi daiteke emanaldia.

Hogei urte eta gero, Betizu taldea osatu zuten abeslariek BT 2025 izeneko kontzertu berezi bat eskaini dute gaur, Errege egunez. EITBren Primeran streaming plataformaren bidez ikusi daiteke emanaldia dagoeneko, Nerea Alias eta Joseba Olagarai Betizu saioaren aurkezle izandakoek gidatuta.

Hainbat abeslarik osatu zuten duela bi hamarkada Betizu taldea, tartean bi zumaiarrek: Jon Urbieta eta Telmo Idigoras. Horiek eta beste hainbatek –Ainara Epelde, Elene Arandia, Zuriñe Hidalgo, Leire Merino, Karla Dudran eta Saida Rouan– parte hartu dute BT 2025 emanaldian. Gainera, Olaia Inziarte abeslaria izan da gonbidatu berezia.

Betizu taldeak 2002tik 2006era egin zuen bidea, eta urte horietan kaleratu zituen lau diskoetako abestiak entzun daitezke kontzertuan, hala nola Lokaleko leihotik edo Zein ederra zaren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide