Uda sasoiarekin batera areagotu egin da Zumaiara etorritako bisitari kopurua, agerian utziz beste behin ere jomuga turistikoa bihurtu dela herria askorentzat. Hala, estatu mailako bisitariak etorri ohi dira, baita nazioarte mailakoak ere. Haiek ere beraien ohitura propioak izango dituzte, baina gutxi gaur goizean ikusitakoak bezalakoa.
Mezularitza aplikazioetan bolo-bolo ibili den irudietako bat bikote gazte batek egindako paseoarena izan da. Batek txakurra zeraman berekin, besteak, berriz, ahuntza. Herriko txoko ugaritan aritu dira, baita establezimendu batzuetan sartu ere, bertakoen harridura sortuz.
Eguerdi partean, berriz, zaldi gainean zihoan bisitari bat ibili da herriko kaleetan zehar. Dirudienez, Donejakue bidea zaldiz egiten ari den erromes bat da, eta erosketak egitera joan da Ardantzabideko supermerkatu batera. Erosketak egiten zituen bitartean han egon da zaldia, lasai-lasai, belarra jaten.
